943 326 250 | info@acabegi.org
No available translations found

Baliteke inoiz baino gehiagotan hozkailua edo sukaldeko armairua ireki izana benetako gosea sentitu gabe. Agian egun estresagarri baten ostean, eztabaida baten ondoren edo asperduragatik. Jokabide hori jan emozionala izenarekin ezagutzen da, eta uste duguna baino ohikoagoa da. Ez da beti arazo bat, baina maiz emozioak kudeatzeko modu bihurtzen bada, gure harreman emozional eta fisikoa elikadurarekin kaltetu dezake.

Zer da jan emozionala?

Jan emozionala emozioei erantzuteko janaria erabiltzea da. Hau da, gorputzaren seinale fisiologikoei —gosea, nekea, urdaileko soinuak— erantzun ordez, emozioei —antsietatea, tristura, frustrazioa, bakardadea edo euforia— erantzuteko jaten da.

Askotan ez gara ohartzen ohitura horretaz, baina denborarekin ikus daiteke apetitu barik jaten dugula, modu automatikoan edo kontrolik gabe, eta gehienetan kaloria asko duten elikagaietara jotzen dela. Ondoren, erru-sentimendua edo lotsa ager daitezke, eta horrek zirkulu zail bat sortzen du.

Zergatik gertatzen da?

Elikadura eta emozioen arteko lotura hainbat dimentsiotan ulertu daiteke:

  • Biologikoki, elikagai jakinek —batez ere azukredunek eta karbohidratoek— dopamina eta serotonina askatzen dituzte, eta horrek une batez hobeto sentiarazten gaitu.

  • Psikologikoki, jende askok haurtzarotik ikasi du janaria kontsolamendu edo sari emozional gisa erabiltzen.

  • Gizarte eta kultura aldetik, janariarekin lotutako errituak ditugu: ospakizunak, bilkurak edo afektuak adierazteko moduak. Ez da berez kaltegarria, baina zaildu dezake noiz jaten dugun benetako goseagatik eta noiz emozioengatik.

Noiz bihurtzen da arazo?

Noizbehinka jan emozionala normala da. Arazo bihurtzen da:

  • Malestar emozionala kudeatzeko estrategia nagusia bihurtzen denean.

  • Sarritan edo kontrolik gabe gertatzen denean.

  • Erruduntasun, lotsa edo kontrol-galerarekin lotzen denean.

  • Elikadura erregularra oztopatzen duenean.

  • Isolamenduarekin, ezkutatzearekin edo ongizate emozionalaren gainbeherarekin lotzen denean.

Egoera horietan, baliteke elikadura-portaeraren nahasmenduren batekin lotuta egotea, hala nola atrakon-nahasmenduarekin edo bulimia nerbiosarekin.

Nola landu daiteke?

Jan emozionala landu daiteke ikuspegi psikoterapeutiko eta diziplina anitzeko batetik. Honako estrategia hauek lagungarriak izan daitezke:

  • Emozioak identifikatzen ikastea: jende askok ez daki zer sentitzen duen, eta horregatik jaten du. Heziketa emozionala oinarrizkoa da.

  • Autoerregulazio emozionalaren estrategiak garatzea: janaria ez da malestar emozionala kudeatzeko modu bakarra. Hitz egitea, idaztea, mugimendua, arnasa hartzea edo sentimendua onartzea lagungarriak dira.

  • Elikadura-ohitura egituratuak ezartzea: ordutegiak errespetatzea, aniztasuna sartzea eta disfrutea ahalbidetzea lagungarriak dira.

  • Janari kontzientea praktikatzea (mindful eating): arreta jartzea zer, nola eta zertarako jaten dugun, eta gure gorputzarekin berriro konektatzea.

  • Laguntza profesionala bilatzea: sufrimendua badago, laguntza eskatzea zaintza-ekintza bat da.

ACABEren mezua

ACABEn elikadurarekin harreman zaila duten pertsona asko artatzen ditugu. Badakigu jan emozionalaren atzean ez dagoela ahultasunik, baizik eta biziraupen-istorioak eta emozioekin bizitzen ikasitako bideak. Gure ikuspegia ulertzailea, profesionala eta epaiketarik gabea da. Artikulu honetan zeure burua identifikatzen baduzu, jakin ezazu ez zaudela bakarrik.

0 Comentarios

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude